Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 17:9-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Bizitokia emanen diot ene herri Israeli: hantxe errotu eta kokatuko dut. Aurrerantzean ez da ikaratuko; gaizkile horiek ez dute gehiago desegingo, antzina hartan,

10. ene herri Israeli buruzagiak eman nizkionean, egin zuten bezala. Orain makurrarazi egingo ditut zure etsai guztiak. Eta jakinarazten dizut, neuk, Jaunak, eraikiko dizudala etxea.

11. Eta zure egunak bete ondoren, zeure gurasoengana joango zarenean, zure ondorengo bat, zure semeetarik bat, ezarriko dut eta sendotuko beraren erregetza.

12. Hark eraikiko dit etxea eta nik betiko sendotuko diot erregetza.

13. Aita izango nau ni hark, eta seme izango dut nik hura; neure onginahia ez dut harengandik baztertuko, zure aurreko erregeagandik baztertu nuen bezala.

14. Neure etxe eta neure erreinuaren buru bezala iraunaraziko dut betikotasunean eta haren errege-aulkia sendoa izanen da beti”».

15. Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.

16. Orduan, David erregea Jaunaren aurrean jarri eta honela mintzatu zen: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni horretaraino ekartzeko?

17. Eta hori ere gutxi iruditu zaizunez, oi Jainko, zeure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Gainera, goi-mailako gizontzat hartu nauzu, Jainko Jaun horrek.

18. Zer gehiago esan diezazuket nik, Davidek, eman didazun ospeaz? Zuk ezagutzen nauzu ni, zure morroi hau.

19. Eta bihotzez maite nauzulako egin dituzu gauza handi hauek, zeure handitasuna aditzera emateko.

20. Jauna, ez da inor zu adinakorik, ez da jainkorik zu baizik, guk geure belarriz entzun izan dugun bezala.

21. Ba ote da lurrean Israel zure herria bezalako beste herririk? Zeu, Jainko, etorri zinen herri hau askatzera, zeure herri egiteko. Izen handia eman diozu zeure buruari halako egintza handi eta izugarriak eginez, hau da, zeure herria Egiptotik askatuz eta beraren aurretik atzerritarrak iraitziz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 17