Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 17:2-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Natanek erantzun zion:—Bete zeure asmoa, zeurekin baituzu Jainkoa.

3. Gau hartan, ordea, Jainkoak hitz egin zion Natani, esanez:

4. «Zoaz eta esaiozu ene zerbitzari Davidi: “Honela mintzo da Jauna: Ez didazu zuk eraikiko etxea, ni bertan bizi nadin.

5. Ez naiz inoiz ere etxe batean bizi izan, israeldarrak askatu nituenetik gaurdaino; oihal-etxolan bizi izan naiz kanpalekuz kanpaleku.

6. Israeldar ororekin batera ibilia naizen bitarte osoan, esan al diet inoiz ene herri Israel zaintzeko agindu nien buruzagiei, niretzat zedrozko etxea egiteko?”

7. Esaiozu, gainera, ene zerbitzari Davidi: “Hau dio Jaun ahalguztidunak: Nik atera zintudan larreetatik, artaldeen artetik, ene herri Israelen agintari izateko.

8. Zeurekin izan nauzu ibili zaren toki guztietan. Hondatu ditut aurrean jarri zaizkizun etsaiak oro. Lurreko handikiena bezainbateko izena eman dizut.

9. Bizitokia emanen diot ene herri Israeli: hantxe errotu eta kokatuko dut. Aurrerantzean ez da ikaratuko; gaizkile horiek ez dute gehiago desegingo, antzina hartan,

10. ene herri Israeli buruzagiak eman nizkionean, egin zuten bezala. Orain makurrarazi egingo ditut zure etsai guztiak. Eta jakinarazten dizut, neuk, Jaunak, eraikiko dizudala etxea.

11. Eta zure egunak bete ondoren, zeure gurasoengana joango zarenean, zure ondorengo bat, zure semeetarik bat, ezarriko dut eta sendotuko beraren erregetza.

12. Hark eraikiko dit etxea eta nik betiko sendotuko diot erregetza.

13. Aita izango nau ni hark, eta seme izango dut nik hura; neure onginahia ez dut harengandik baztertuko, zure aurreko erregeagandik baztertu nuen bezala.

14. Neure etxe eta neure erreinuaren buru bezala iraunaraziko dut betikotasunean eta haren errege-aulkia sendoa izanen da beti”».

15. Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.

16. Orduan, David erregea Jaunaren aurrean jarri eta honela mintzatu zen: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni horretaraino ekartzeko?

17. Eta hori ere gutxi iruditu zaizunez, oi Jainko, zeure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Gainera, goi-mailako gizontzat hartu nauzu, Jainko Jaun horrek.

18. Zer gehiago esan diezazuket nik, Davidek, eman didazun ospeaz? Zuk ezagutzen nauzu ni, zure morroi hau.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 17