Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 17:19-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Eta bihotzez maite nauzulako egin dituzu gauza handi hauek, zeure handitasuna aditzera emateko.

20. Jauna, ez da inor zu adinakorik, ez da jainkorik zu baizik, guk geure belarriz entzun izan dugun bezala.

21. Ba ote da lurrean Israel zure herria bezalako beste herririk? Zeu, Jainko, etorri zinen herri hau askatzera, zeure herri egiteko. Izen handia eman diozu zeure buruari halako egintza handi eta izugarriak eginez, hau da, zeure herria Egiptotik askatuz eta beraren aurretik atzerritarrak iraitziz.

22. Zuk Israel herria zeure herri egin duzu betiko eta zu zeu, Jauna, beraren Jainko egin zara.

23. «Orain, Jauna, iraunarazi betikotasunean zeure morroi honi eta beronen ondorengotzari eman diozun hitza. Egizu esan bezala.

24. Izan bedi iraunkorra eta handia zure ospea betiko. Esan bezate: “Jaun ahalguztiduna da Israelen Jainkoa!” Eta iraun beza sendo zure aurrean, morroi duzun David honen ondorengotzak.

25. Zuk, ene Jainko horrek, ondorengotza emango didazula hitzeman didazu. Horregatik izan du zure morroi honek zuri otoitz hau egiteko ausardia.

26. Jainkoa zara zu, Jauna, eta zuk hitzeman dizkidazu halako gauza ederrak.

27. Zuk bedeinkatu nahi izan duzu zeure morroi honen ondorengotza, beti zure aurrean iraun dezan. Zuk bedeinkatu duzu, Jauna, eta bedeinkatua izanen da betikotasunean».

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 17