Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Daviden jauregia eta semeak

1. Tiroko errege Hiramek, mandatariekin batera, zedro-zura, harginak eta zurginak bidali zizkion Davidi, jauregia eraikitzeko.

2. Horrela ohartu zen David, Jaunak Israelgo errege ezartzen zuela eta ospetsu egiten ziola erregetza, Israel bere herriarengatik.

3. Davidek Jerusalemen beste emazte batzuk hartu zituen, eta zenbait seme-alaba jaio zitzaion.

4. Hona hemen, Jerusalemen sortu zitzaizkion semeen izenak: Xamua, Xobab, Natan, Salomon,

5. Ibhar, Elixua, Elpalet,

6. Nogah, Nefeg, Jafias,

7. Elixama, Beeliada eta Elifelet.

David filistearrei nagusitu

8. David Israelgo errege gantzutu zutela jakin bezain agudo, filistearrak Daviden bila igo ziren. David, hori jakitean, haiei aurre egitera atera zen.

9. Filistearrak, hara heltzean, Refaim haranean zabaldu ziren.

10. Davidek kontsulta egin zion Jainkoari:—Erasoko al diet filistearrei? Emango al dizkidazu eskura?Jaunak erantzun:—Bai, eraso! Emango dizkizut.

11. Filistearrak Baal-Peratzimera etorriak ziren. Ebaki-ebaki egin zituen han Davidek. Honela zioen: «Ebaki egin ditu Jainkoak nire etsaiak nire bitartez, uholdeak ebakidura egin ohi duen bezala». Horregatik deritza toki hari Baal-Peratzim, hau da, «Ebakiduren Jauna».

12. Filistearrek han utzi zituzten beren sasijainkoen irudiak, eta Davidek sutan erretzeko agindu zuen.

13. Filistearrak berriro zabaldu ziren haran hartan.

14. Eta Davidek berriro egin zion kontsulta Jainkoari, eta Jainkoak erantzun: «Ez eraso aurrez aurre. Egin itzulingurua haien atzetik eta eraso masustondoen aurretik.

15. Eta masustondoen gainetik datorren oin-hotsa nabaritzean, ekin orduan borrokari, orduantxe joango baitzaizu aurretik Jainkoa filistearren gudarostea hondatzera».

16. Jainkoak agindu bezala egin zuen Davidek, eta Gabaondik Gezer-eraino xehatu zituen filistearrak.

17. Orduan, lurralde guztietan zabaldu zen Daviden izena, eta Jaunak beldurgarri egin zuen nazio guztientzat.