Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 11:10-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Hona hemen Davidi, bere erregealdian, israeldar guztiekin batera, lagundu zioten buruzagi adoretsuak; hauek ahalegindu ziren David errege izan zedin, Jaunak Israeli esan bezala.

11. Hona hemen Daviden gudari adoretsu haien izenak: Jaxobeam, hakmondarra, hiru ausarten buruzagia. Behin batez, hirurehun gizonen kontra astindu zuen bere lantza, eta denak hil zituen.

12. Honen ondoren, Eleazar, Dodo ahohitarraren semea, hiru gudari haietakoa.

13. Davidekin zen hau Pas-Damimen, filistearrak borrokarako bildu zirenean. Jendeak ihes egin zuen filistearrengandik. Bazen han garagar-sail bat eta

14. Eleazarrek eta bere gizonek, sailaren erdian tinko, defendatu egin zuten, filistearrak hilez. Garaipen handia lortu zuen Jaunak.

15. Beste batean, hogeita hamarren taldeko hiru buruzagi haitzartera jaitsi ziren Davidengana, Adulamgo leizera. Filistearrak refatarren haranean zeuden kanpatuak.

16. David, berriz, bere babeslekuan zegoen; filistearrek gudari-talde bat zuten Belenen.

17. Davidek gogo hau adierazi zuen: «Norbaitek, Belengo atean dagoen urtegitik ura ekarriko balit edateko… !»

18. Hiru haiek, filistearren gudari-tokira sartu, Belengo atean dagoen urtegitik ura atera eta Davidi eraman zioten. Davidek, ordea, ez zuen edan nahi izan, eta isuri egin zuen Jaunarentzako eskaintza bezala.

19. Hau esan zuen: «Libra nazala ene Jaunak ur hau edatetik! Bizia arriskatu duten gizon horien odola edatea izango litzateke, bizia arriskatu baitute ur hau ekartzeko». Eta ez zuen edan nahi izan.Hauxe egin zuten gudari adoretsu haiek.

20. Joaben anaia Abixai zen hogeita hamarren buruzagia. Hirurehunen kontra astindu zuen honek bere lantza eta hil egin zituen. Horregatik, izen handia hartu zuen hiru gudarien artean.

21. Hogeita hamarrak baino bi bider ospetsuago izan zen eta denen buruzagi. Hala ere, ez zen hiru haiek adinakoa izan.

22. Joiadaren seme Benaias gizon kementsua zen eta egintza bikain asko egina. Kabtzeelgoa zen. Hark hil zituen lehoiak bezain ausart ziren bi moabdarrak. Elurra ari zuen batean, urtegira jaitsi eta lehoia hil zuen bertan.

23. Berak hil zuen bi metro eta erdiko egiptoar erraldoi bat ere. Ehuleen ardatza zirudien lantza zeraman egiptoarrak eskuan; Benaiasek, berriz, makila besterik ez zekarren. Honek lantza eskutik kendu eta berarekin hil zuen egiptoarra.

24. Horra, bada, zer egin zuen Joiadaren seme Benaiasek; horregatik, izen handia zuen hiru gudari adoretsuen artean.

25. Hogeita hamar gudarietan ospetsuena izan zen; baina ez hiru haiek adinakoa. Davidek bere zaintzaileen buru egin zuen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 11