Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 11:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Israeldar guztiak Hebronen bildu ziren Davidengana eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere.

2. Lehendik, Saul errege zelarik, zeuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak, zeure Jainkoak, esana dizu: “Zeuk gidatuko duzu ene herri Israel, eta zeu izanen zara ene herri Israelen agintari”».

3. Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta honek hitzarmena egin zuen haiekin han, Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten David, Jaunak Samuelen bidez esana zuen bezala.

4. Davidek, israeldar guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, hau da, Jebusera; lurralde hartan bizi ziren jebustarrak.

5. Hauek esan zioten Davidi: «Ez haiz hona sartuko».Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gerora «Daviden Hiri» deituko zenaz.

6. Esana zuen Davidek: «Jebustar bat hil dezan lehenengoa buruzagi eta gudalburu eginen dut». Tzeruiaren seme Joab izan zen lehenengoa erasotzen; horregatik, erregeak bera egin zuen buruzagi.

7. David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen; horregatik, «Daviden Hiri» deitu zuten.

8. Inguru guztian hiria eraiki zuen, Milo deritzan lubetatik barnerantz; bitartean, Joabek hiriko beste alderdiak berriztatu zituen.

9. David geroz eta indartsuago egiten ari zen, eta berekin zuen Jaun ahalguztiduna.

10. Hona hemen Davidi, bere erregealdian, israeldar guztiekin batera, lagundu zioten buruzagi adoretsuak; hauek ahalegindu ziren David errege izan zedin, Jaunak Israeli esan bezala.

11. Hona hemen Daviden gudari adoretsu haien izenak: Jaxobeam, hakmondarra, hiru ausarten buruzagia. Behin batez, hirurehun gizonen kontra astindu zuen bere lantza, eta denak hil zituen.

12. Honen ondoren, Eleazar, Dodo ahohitarraren semea, hiru gudari haietakoa.

13. Davidekin zen hau Pas-Damimen, filistearrak borrokarako bildu zirenean. Jendeak ihes egin zuen filistearrengandik. Bazen han garagar-sail bat eta

14. Eleazarrek eta bere gizonek, sailaren erdian tinko, defendatu egin zuten, filistearrak hilez. Garaipen handia lortu zuen Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 11