Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 9:18-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Baalat eta Tamar ere, Judako basamortukoa.

19. Era berean, janari-biltegi izateko herrixkak berreraiki zituen Salomonek, baita guda-gurdiak eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan.

20. Israeldar ez ziren amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustar jende haietatik bizirik gelditu zirenak,

21. hau da, israeldarrek xehatu ezinik lurraldean gelditu ziren haien ondorengoak, lan behartuetarako bildu zituen Salomonek, gaurdaino.

22. Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor ere esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial, gudalburu, ezkutari eta bere gurditeria eta zalditeriaren arduradun egin zituen.

23. Salomonek antolatu zituen lanen arduradun-buruak bostehun eta berrogeita hamar ziren; haiek gainbegiratzen zituzten jendeak egindako lanak.

24. Faraoiaren alaba Daviden Hiritik Salomonek eraiki zion jauregira igo zenean, erregeak Milo-ko betelana eginarazi zuen.

25. Urtean hiru bider Salomonek erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini ohi zituen Jaunarentzat eraikia zuen aldarearen gainean, eta intsentsua erre ohi zuen Jaunaren aitzinean zegoen aldarean. Horrela bukatu zuen tenpluaren eraikuntza.

26. Bestalde, Salomonek itsas ontziteria eginarazi zuen Etzion-Geberren; hiri hau Elat ondoan zegoen, Itsaso Gorriaren ertzean, Edom lurraldean.

27. Hiramek bere zerbitzari batzuk, itsasgizon trebeak, bidali zituen ontzietara, Salomonen zerbitzariekin batera ibil zitezen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 9