Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 9:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Salomonek Jaunaren etxea, errege-jauregia eta berak nahi izan zuen guztia eraiki zuenean,

2. bigarren aldiz agertu zitzaion Jauna, Gabaonen agertu zitzaion bezala.

3. Jaunak esan zion: «Entzun dut egin didazun otoitza eta eskaria. Sagaratu dut eraiki didazun tenplua, betikotasunean nire bizileku izan dadin. Hemen izango ditut beti neure begi-bihotzak.

4. Eta zu nire aurrean zuen aita David bezala ibiltzen bazara, bihotz osoz eta zuzenbidez, nik agindu dizudan guztiaren arabera, nire lege eta erabakiak betez,

5. betikotasunean iraunaraziko dut zure erregetza Israelen gainean. Hala hitzeman bainion zuen aita Davidi: “Beti izanen duzu zeure ondorengoetako bat Israelgo errege-aulkian jartzeko”.

6. Baina zuek eta zuen seme-alabak niregandik urruntzen bazarete, nik eman dizkizuedan agindu eta legeak betetzen ez badituzue, beste jainko batzuk zerbitzatzera jo eta haien aurrean ahuspezten bazarete,

7. suntsiarazi eginen dut Israel herria eman diodan lurrazaletik. Arbuiatu eginen dut neuretzat sagaratu dudan etxe hau. Koplak atera eta barre egingo diote Israeli herri guztiek.

8. Erabat hondatuko dut tenplu hau, eta tenplu honen aurretik igaroko diren guztiek, harriturik eta txistuka, galdetuko dute: “Zergatik egin ote die hau Jaunak lurralde honi eta tenplu honi?”

9. Eta erantzungo diete: “Beren gurasoek Egiptotik atera zituen Jauna, beren Jainkoa, utzi eta jainko arrotzengana jo dutelako, haien aurrean ahuspeztuz eta haiei kultua emanez. Horregatik ekarri die Jaunak halako zoritxarra”».

10. Hogei urte behar izan zituen Salomonek bi etxeak, hau da, Jaunaren etxea eta bere jauregia, eraikitzeko.

11. Tiroko errege Hiramek eskuratu zion Salomoni nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur eta urre. Salomonek, ordainetan, Galilea aldeko hogei herrixka eman zizkion Hirami.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 9