Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8:22-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz zabalik,

23. otoitza egin zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik, ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure mirabeentzat.

24. Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zeniona; zeure ahoz hitzemana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez.

25. Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zenion beste hau ere: “Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure semeak nire aurrean bide zuzenean ibiltzen badira, zu ibili zaren bezala”.

26. Beraz, oi Israelen Jainko, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, eman zenion hitza.

27. «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?

28. Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua.

29. Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua berau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza.

30. Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu.

31. «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu, eta hau tenplu honetako zure aldare aurrean zin egitera etorriko balitz,

32. entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, bere jokabide okerra egotziz, eta agertu zein den zuzena, bere jokabide zuzenaren arabera hartuz.

33. «Zure herri Israel, zure aurka bekatu egiteagatik etsairen batek menderatzean, zuregana itzultzen bada eta, zuri dei eginez, tenplu honetan eskatu eta otoitz egiten badizu,

34. entzun zuk zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

35. «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira,

36. entzun zuk zerutik, barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi ibili behar duten bide zuzena, eta isurarazi euria zeure herriari ondaretzat eman zenion lurrera.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 8