Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 7:5-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Ate eta ate-zango guztiak lau alderdidunak ziren, batzuk besteen aurrez aurre, hirunaka.

6. Zutabedun ataria ere egin zuen; hogeita bost metro zen luze eta hamabost zabal. Honen aurrean zutabedun beste atari bat ere egin zuen, bere aterpe eta guzti.

7. Egin zuen, orobat, «Errege-aulkiaren aretoa» edo «Epaitegi-aretoa» zeritzana ere, bertan epaiketak egiteko. Behetik goraino zedroz jantzi zuen.

8. Salomonen bizilekua errege-aulkiaren aretotik aparte zegoen, beste areto batean; biak tankera berekoak ziren. Bere emaztetzat hartu zuen faraoiaren alabarentzat egin zuen jauregia ere areto haren tankerakoa zen.

9. Eraikuntza hauek guztiak, nola barnetik hala kanpotik, neurrira landu eta zerraturiko harri bikainez egin zituzten oinarrietatik habeetaraino, etxearen kanpoaldetik areto nagusiraino.

10. Oinarrietarako harri bikainak ezarri zituen, harri handiak, bost eta launa metrokoak.

11. Gainaldea ere harri bikainez egina zegoen, neurrira landuriko harriz eta zedro-zurez.

12. Areto nagusiaren inguruko hormek harlanduzko hiruna erreskada eta zedrozko ohol-erreskada bana zituzten, Jaunaren etxe-barruko aretoaren eta atalondoaren tankerara.

13. Salomonek Tiroko Hiram etorrarazi zuen.

14. Neftaliren leinuko emakume alargun baten semea zen; aita, berriz, Tiroko brontzegile bat izan zuen. Hiram oso argi, trebe eta iaioa zen edozein brontze-lanetarako. Etorri zen, beraz, Salomonengana eta honek aginduriko lan guztiak egin zituen.

15. Brontzea urtuz, bi zutabe egin zituen; bederatzina metro ziren gora eta seina metro lodi.

16. Zutabe-buruetan ezartzeko, brontzezko bi kapitel egin zituen, bina metro eta erdikoak.

17. Zutabe-buruetan zeuden kapitel haietarako sare antzeko apaindurak egin zituen eta kate-sortak, kapitel bakoitzerako zazpi.

18. Zutabe-buruetako kapitel bakoitza apaintzeko, sare haien inguruan, bi lerrotan, granada-fruitu antzekoak egin zituen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 7