Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 7:21-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Sala handiaren aurreko atalondo aitzinean ezarri zituen Hiramek zutabeak. Eskuinekoari «Jakin» deitu zion, eta ezkerrekoari «Boaz».

22. Zutabe-buruak lili-lorearen tankerakoak ziren.Horrela burutu zuen zutabeak egitea.

23. Ondoren, Hiramek brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribil bat egin zuen; ertz batetik bestera bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.

24. Ertzaren azpialdean, inguru guztian, fruitu-irudiak zituen, hogei fruitu metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.

25. Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.

26. Uraskaren lodiera arra betekoa zen. Ezpainak koparenak bezalakoak ziren, lili-lorearen tankerakoak; laurogei mila litro ur hartzen zuen uraskak.

27. Hiramek brontzezko hamar orga egin zituen; bi metro luze ziren, bi metro zabal eta metro eta erdi sakon.

28. Honela zeuden eginak orgak: marko batzuk eutsirik, panelak zituzten;

29. eta markoen arteko paneletan zizelkaturik lehoiak, idiak eta hegaldun izakiak, baita goiko markoetan ere; lehoi eta idien azpialdean lore-sortak zintzilik.

30. Orga bakoitzak brontzezko lau gurpil zituen eta brontzezko ardatzak. Lau hanketan brontzezko euskarriak zituzten; euskarri haiek ur-ontziaren azpian zeuden, bakoitza kanpoaldetik lore-sortaz apaindua.

31. Orgaren gainaldean ur-ontzi baten ezpainak ateratzen ziren metro erdi bat gorantz; ur-ontzia biribila zen, hirurogeita hamabost zentimetroko diametroa zuelarik. Ezpain haietan ere baziren irudi zizelkatuak, panel koadratueetan, ez biribiletan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 7