Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 7:18-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Zutabe-buruetako kapitel bakoitza apaintzeko, sare haien inguruan, bi lerrotan, granada-fruitu antzekoak egin zituen.

19. Zutabe-buruetako kapitel haien gainean bina metroko lili-lorearen tankerako irudiak zeuden.

20. Hauen gainean, sare haiez beste aldean, biribil bana zegoen, inguruan berrehuna granada-fruitu zituztelarik, lerrotan jarriak.

21. Sala handiaren aurreko atalondo aitzinean ezarri zituen Hiramek zutabeak. Eskuinekoari «Jakin» deitu zion, eta ezkerrekoari «Boaz».

22. Zutabe-buruak lili-lorearen tankerakoak ziren.Horrela burutu zuen zutabeak egitea.

23. Ondoren, Hiramek brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribil bat egin zuen; ertz batetik bestera bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.

24. Ertzaren azpialdean, inguru guztian, fruitu-irudiak zituen, hogei fruitu metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.

25. Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.

26. Uraskaren lodiera arra betekoa zen. Ezpainak koparenak bezalakoak ziren, lili-lorearen tankerakoak; laurogei mila litro ur hartzen zuen uraskak.

27. Hiramek brontzezko hamar orga egin zituen; bi metro luze ziren, bi metro zabal eta metro eta erdi sakon.

28. Honela zeuden eginak orgak: marko batzuk eutsirik, panelak zituzten;

29. eta markoen arteko paneletan zizelkaturik lehoiak, idiak eta hegaldun izakiak, baita goiko markoetan ere; lehoi eta idien azpialdean lore-sortak zintzilik.

30. Orga bakoitzak brontzezko lau gurpil zituen eta brontzezko ardatzak. Lau hanketan brontzezko euskarriak zituzten; euskarri haiek ur-ontziaren azpian zeuden, bakoitza kanpoaldetik lore-sortaz apaindua.

31. Orgaren gainaldean ur-ontzi baten ezpainak ateratzen ziren metro erdi bat gorantz; ur-ontzia biribila zen, hirurogeita hamabost zentimetroko diametroa zuelarik. Ezpain haietan ere baziren irudi zizelkatuak, panel koadratueetan, ez biribiletan.

32. Lau gurpilak panelen azpialdean zeuden eta haien ardatzak orgari atxikiak. Gurpil bakoitzak hirurogeita hamabost zentimetroko altuera zuen.

33. Gurpil haien tankera guda-gurdiena bezalakoxea zen. Haien ardatzak, uztaiak, erradioak eta gurpegiak ere brontzezkoak ziren denak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 7