Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 5:16-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Salomonek mandatu hau igorri zion Hirami:

17. «Badakizu gure aita Davidek ezin izan ziola Jaunari, bere Jainkoari, tenplurik eraiki, bere ingurukoekin egin behar izan zituen guduengatik, Jaunak bere etsaiak oinpean jarri zizkion arte.

18. Orain, aldiz, Jainko Jaunak lasaitasuna eman dit inguru guztian; ez dut etsairik, ez arazo larririk.

19. Horregatik, Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraikitzea erabaki dut, hala esan baitzion Jaunak gure aita Davidi: “Zure ondoren errege-aulkian ipiniko dudan zure semeak eraikiko dit etxea”.

20. Agindu ezazu, beraz, ebaki dezatela niretzat Libanoko zedro-sail bat. Nire morroiek zureekin batera jardungo dute, eta ordainduko dizut zeure morroientzat eskatzen didazun lansaria. Badakizu gure artean ez dela inor sidondarrak bezain trebe zuhaitz botatzen».

21. Salomonen eskari hau hartzean, Hiram biziki poztu zen eta esan zuen: «Bedeinkatua Jauna, Davidi halako seme jakintsua eman diolako, herri ugari hori goberna dezan».

22. Hiramek erantzun zion Salomoni: «Hartu dut zure eskaria eta emango dizut nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur.

23. Nire morroiek Libanotik itsasoraino jaitsiko dute; gero, almadiak egin eta itsasoz bidaliko dizkizut, zuk esandako tokiraino. Zuk, ordainez, janariz hornituko didazu etxea, nik nahi bezala».

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 5