Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 3:4-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Behinola, Gabaonera joan zen erregea opariak eskaintzera, huraxe baitzen kultu-lekurik nagusiena. Mila erre-opari eskaini zituen Salomonek aldare gainean.

5. Gau hartan Jauna agertu zitzaion ametsetan Gabaonen, eta esan zion:—Eskatu nahi duzuna, eta emanen dizut.

6. Salomonek erantzun zion:—Onginahi handia izan zenuen zeure zerbitzari David gure aitarentzat, berak zure aurrean leial, zuzen eta bihotz zintzoz jokatu zuelako. Eta onginahi hori gorde egin diozu, gaur haren aulkian jarria dagoen seme hau berari emanez.

7. Ene Jainko Jauna, gure aita Daviden ordez ni, zeure zerbitzari hau, egin nauzu errege. Ni, berriz, mutil gaztea nauzu eta gobernatzen ikasi gabea.

8. Zehazki zenbatu ezin ahalako herri ugaria hautatu zenuen, eta neu egin nauzu herri horren buru.

9. Emadazu adimen argia zure herria gobernatzeko, eta ona eta txarra bereizteko. Bestela, nola izan zure herri handi hau gobernatzeko gauza?

10. Atsegin izan zuen Jaunak Salomonen eskari hau.

11. Orduan, Jainkoak esan zion Salomoni:—Halako eskaria egin didazulako eta zeuretzat urte asko, aberastasuna edota zeure etsaien heriotza eskatu ordez, zuzen gobernatzeko adimena eskatu didazulako,

12. emango dizut eskatu duzuna. Begira, zure aurretik inork izan ez dituen eta zure ondoren ere inork izango ez dituen bezainbateko jakinduria eta adimena damazkizut.

13. Gainera, eskatu ez duzuna ere emango dizut: aberastasuna eta ospea, zure egunetan inongo erregek izango ez duen neurrian.

14. Zuen aita David ibili zen bezala zu ere nire bideetan zintzo eta nire arau eta aginduak betez ibiltzen bazara, bizitza luzea emanen dizut.

15. Esnatzean, Salomon ohartu zen Jauna ametsetan agertu zitzaiola. Jerusalemera itzuli eta Jaunaren itun-kutxaren aurrera sarturik, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituen. Gero, otordua egin zuen bere zerbitzari guztiekin.

16. Aldi hartan, bi emagaldu etorri ziren erregearen aurrera.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 3