Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 3:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Egiptoko errege faraoiaren senitarteko egin zen Salomon, haren alaba emaztetzat hartuz. Daviden Hirira eraman zuen, harik eta bere jauregia, Jaunaren etxea eta Jerusalem inguruko harresiak eraiki arte.

2. Herriak muinoetan eskaini ohi zituen opariak, artean ez baitzuten Jaunari eginiko tenplurik.

3. Maite zuen Salomonek Jauna eta betetzen zituen bere aita Daviden arauak; alabaina, berak ere muinoetan eskaini ohi zituen opariak eta erretzen intsentsua.

4. Behinola, Gabaonera joan zen erregea opariak eskaintzera, huraxe baitzen kultu-lekurik nagusiena. Mila erre-opari eskaini zituen Salomonek aldare gainean.

5. Gau hartan Jauna agertu zitzaion ametsetan Gabaonen, eta esan zion:—Eskatu nahi duzuna, eta emanen dizut.

6. Salomonek erantzun zion:—Onginahi handia izan zenuen zeure zerbitzari David gure aitarentzat, berak zure aurrean leial, zuzen eta bihotz zintzoz jokatu zuelako. Eta onginahi hori gorde egin diozu, gaur haren aulkian jarria dagoen seme hau berari emanez.

7. Ene Jainko Jauna, gure aita Daviden ordez ni, zeure zerbitzari hau, egin nauzu errege. Ni, berriz, mutil gaztea nauzu eta gobernatzen ikasi gabea.

8. Zehazki zenbatu ezin ahalako herri ugaria hautatu zenuen, eta neu egin nauzu herri horren buru.

9. Emadazu adimen argia zure herria gobernatzeko, eta ona eta txarra bereizteko. Bestela, nola izan zure herri handi hau gobernatzeko gauza?

10. Atsegin izan zuen Jaunak Salomonen eskari hau.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 3