Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 22:6-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun inguru, eta galdegin zien:—Joango al naiz Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egingo dut?Profetek erantzun zioten:—Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.

7. Josafatek, ordea, galdetu zuen:—Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?

8. Israelgo erregeak erantzun zion Josafati:—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zuen:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.

9. Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!

10. Israelgo erregea eta Josafat, Judakoa, errege-jantzi ederretan, aulki banatan jarriak zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.

11. Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, burdinazko adar batzuk eginak zituen eta hau zioen: «Hau dio Jaunak: Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte».

12. Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emanen dizu Jaunak hiria!»

13. Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:—Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere.

14. Mikeasek erantzun:—Ala Jauna! Berak esango didana iragarriko dut.

15. Mikeas heldu zenean, esan zion erregeak:—Mikeas, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egin behar dugu?Mikeasek erantzun:—Eraso! Onik aterako zara. Nola ez dizu, bada, eskura emanen Jaunak hiria?

16. Erregeak, orduan:—Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean?

17. Mikeasek erantzun:«Mendietan barreiatuaikusi dut Israel osoa,artzainik gabeko ardiak bezala.Hona zer dioen Jaunak:“Ez du jaberik jende horrek,itzul bedi nor bere etxera bakean”».

18. Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati:—Ez al dizut esan ez didala gizon honek ezer onik iragartzen, txarra baizik?

19. Mikeasek, berriz, honela jarraitu zuen:—Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut nik Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin bere ondoan zutik zituela.

20. Hau zioen Jaunak: «Nork konbentzituko ote luke Akab, Galaadeko Ramoti eraso diezaion, bera bertan eror dadin?» Batek gauza bat zioen, besteak bestea.

21. Orduan, aurreratu zen espirituetariko bat, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk konbentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?»

22. Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan, esan zion: «Konbentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela».

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 22