Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 22:32-46 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. Horrela, bada, guda-gurditeriaren arduradunek Josafat ikustean esan zuten:—Hori izango da, segur aski, Israelgo erregea!Eta haren kontra oldartu ziren. Baina Josafat deiadarka hasi zen

33. eta guda-gurdien arduradunek, hura Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten.

34. Baina gudari batek jaurti zuen gezia itsu-itsuan eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren juntura artetik. Orduan, erregeak esan zion gurdi-gidariari:—Itzuli eta atera nazazu guda-zelaitik. Zauritu egin naute.

35. Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; erregeari zutik eutsi behar izan zioten bere gurdian, siriarrei aurre eginez. Zauritik odola zerion guda-gurdiaren zoruraino. Arratsaldean hil egin zen.

36. Ilunabarrean deiadarra hedatu zen guda-zelaian: «Nor bere hirira! Nor bere lurraldera!»

37. Erregearen gorpua Samariara eraman zuten eta bertan ehortzi.

38. Guda-gurdia Samariako uraskan garbitu zuten. Zakurrek miazkatu zuten Akaben odola eta emagalduak uraska hartan garbitu ziren, Jaunak esan bezala.

39. Akaben gainerako jarduerak eta egin zuen guztia, nola eraiki zuen marfilezko etxea eta zenbat hiri gotortu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

40. Hil zen, bada, Akab eta ondorengo erregea haren seme Akazias izan zen.

41. Israelgo errege Akaben erregealdiko laugarren urtean hasi zen Asaren seme Josafat Judako errege izaten.

42. Hogeita hamabost urte zituen Josafatek errege izaten hastean, eta hogeita bost urtez izan zen errege Jerusalemen. Beraren amak Azuba zuen izena eta Xilhiren alaba zen.

43. Bere aita Asaren jokabidea bera hartu zuen denetan Josafatek, ezertan ere okertu gabe. Jaunari atsegin zaiona egin zuen.

44. Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitzen zuen herriak.

45. Bitartean Josafat bakean bizi izan zen Israelgo erregearekin.

46. Josafaten gainerako jarduerak, haren egintza adoretsuak eta izan zituen borrokak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 22