Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 22:19-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Mikeasek, berriz, honela jarraitu zuen:—Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut nik Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin bere ondoan zutik zituela.

20. Hau zioen Jaunak: «Nork konbentzituko ote luke Akab, Galaadeko Ramoti eraso diezaion, bera bertan eror dadin?» Batek gauza bat zioen, besteak bestea.

21. Orduan, aurreratu zen espirituetariko bat, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk konbentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?»

22. Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan, esan zion: «Konbentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela».

23. Beraz, Jaunak zure profeta hauen guztien ahoan gezur-espiritua ezarri duenez, garbi dago erabaki duela zure hondamena.

24. Orduan, Kenaanaren seme Sedekiasek masailekoa eman zion Mikeasi, esanez:—Nondik atera zait niri Jaunaren espiritua, zuri mintzatzeko?

25. Mikeasek erantzun:—Zeuk ikusiko duzu, gelaz gela gordeka joan beharko duzun egunean.

26. Orduan, Israelgo erregeak agindu zuen:—Heldu Mikeasi! Eraman hiri-gobernari Amonengana eta Joax printzearengana.

27. Eta esan hau agintzen dudala: giltzapean sartu eta emateko ogia eta ura neurtuak, harik eta ni borrokatik garaile itzuli arte.

28. Mikeasek erantzun zuen:—Benetan zu garaile itzultzen bazara, Jaunak ez du nire bidez hitz egin.

29. Israelgo erregea eta Judako errege Josafat igo ziren, bada, Galaadeko Ramoti erasotzera.

30. Israelgo erregea honela mintzatu zitzaion Josafati:—Nik jantziak aldatuko ditut borroka hasteko; zuk jarraitu zeure errege-jantziekin.Israelgo erregea, beraz, jantziz aldatu eta borrokara abiatu zen.

31. Siriako erregeak agindu hau emana zien bere guda-gurditeriaren hogeita hamabi arduradunei: «Ez eraso inori, ez txiki, ez handiri, Israelgo erregeari baizik».

32. Horrela, bada, guda-gurditeriaren arduradunek Josafat ikustean esan zuten:—Hori izango da, segur aski, Israelgo erregea!Eta haren kontra oldartu ziren. Baina Josafat deiadarka hasi zen

33. eta guda-gurdien arduradunek, hura Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten.

34. Baina gudari batek jaurti zuen gezia itsu-itsuan eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren juntura artetik. Orduan, erregeak esan zion gurdi-gidariari:—Itzuli eta atera nazazu guda-zelaitik. Zauritu egin naute.

35. Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; erregeari zutik eutsi behar izan zioten bere gurdian, siriarrei aurre eginez. Zauritik odola zerion guda-gurdiaren zoruraino. Arratsaldean hil egin zen.

36. Ilunabarrean deiadarra hedatu zen guda-zelaian: «Nor bere hirira! Nor bere lurraldera!»

37. Erregearen gorpua Samariara eraman zuten eta bertan ehortzi.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 22