Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 21:4-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Akab etxera goibel eta haserre joan zen, Izreelgo Nabotek arbasoengandiko ondarea eman nahi izan ez ziolako. Eta ohean etzan zen, aurpegia gorderik, deus ere jan gabe.

5. Jezabel emaztea etorri zitzaion, esanez:—Zer duzu goibel egoteko? Zergatik ez duzu ezer ere jan nahi?

6. Erregeak erantzun:—Izreelgo Naboti esan diot bere mahastia diruaren truke niri saltzeko edota, nahiago bazuen, beste mahasti bat emango niola berearen ordez. Baina ez didala emango bere mahastia erantzun dit.

7. Jezabel emazteak, orduan:—Ez ote zara, bada, zu Israelgo erregea? Jaiki zaitez, jan, poztu barru hori. Nik emanen dizut Izreelgo Naboten mahastia.

8. Jezabelek Akaben izenean gutun batzuk idatzi, erregearen zigiluz jo eta Naboten hiri berean bizi ziren arduradun eta handikiei igorri zizkien.

9. Hau idatzi zuen gutunetan: «Agindu ezazue baraualdia egiteko. Eserarazi Nabot biltzarraren aurrean;

10. baita bi gizon maltzur-gaizto ere Naboten aurrean, eta egin dezatela testigantza hau Naboten aurka: “Jainkoa eta erregea madarikatu dituzu!” Gero, atera ezazue Nabot eta emaiozue harrika hil arte».

11. Hiri hartako jendeak eta bertan bizi ziren arduradun eta handikiek bete zuten Jezabelek bidalitako gutunetan idatzi zien agindua.

12. Agindu zuten baraualdia egiteko eta eserarazi zuten Nabot biltzarraren aurrean;

13. gero, bi gizon maltzur-gaizto etorri eta Naboten aurrean jarri ziren. Maltzur-gaizto haiek testigantza hau egin zuten Naboten kontra herriaren aurrean: «Jainkoa eta erregea madarikatu ditu Nabotek!» Hiritik kanpora atera eta harrikatu egin zuten hil arte.

14. Orduan, oharra bidali zioten Jezabeli: «Harrikatu dugu Nabot, eta hil da».

15. Nabot harrikatu eta hil zutela jakitean, Jezabelek esan zion Akabi:—Jaiki eta egin zaitez Izreelgo Nabotek diruaren truke ere eman nahi izan ez zizun mahastiaren jabe. Ez da bizi Nabot, hil da.

16. Hala, Nabot hila zela jakin zuelarik, jaiki eta Izreelgo Naboten mahastira jaitsi zen Akab, haren jabe egiteko.

17. Orduan, Jauna honela mintzatu zitzaion Tixbeko Eliasi:

18. «Jaitsi zaitez Samarian Israelgo errege den Akabengana. Naboten mahastian dago, beronen jabe egiteko jaitsi baita bertara.

19. Mintza zakizkio honela: “Hau dio Jaunak: Gizon bat hil eta, gainera, harenaz jabetu? Hara, bada: Zakurrek Naboten odola miazkatu duten toki berean miazkatuko dute zure odola ere”».

20. Akabek esan zion Eliasi:—Orain ere harrapatu al nauzu, etsai halako horrek?Eliasek erantzun:—Bai, harrapatu zaitut, bada; egon ere beti prest baitzaude Jaunari atsegin ez zaiona egiteko. Horregatik, hau dio Jaunak:

21. «Hara, zoritxarra bidaliko dizut; desagerraraziko ditut zure ondorengoak eta suntsituko Akaben etxeko gizasemeak oro, libre nahiz esklabo, Israel osoan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 21