Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 20:31-43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. Ofizialek esan zioten:—Aditua dugu Israelgo erregeak bihotz onekoak direla. Irten gaitezen Israelgo erregeagana soinean zakua jantzirik eta lepoan soka loturik. Baliteke zu bizirik uztea.

32. Halaxe, bada, soinean zakua jantzi eta lepoan soka loturik, heldu ziren Israelgo erregeagana eta esan zioten:—Hau diotsu zeure zerbitzari Ben-Hadadek: «Otoi, utz nazazu bizirik».Akabek galdetu zuen:—Bizi al da, bada, oraindik? Neure anaia dut!

33. Seinale ona iruditu zitzaien gizon haiei hori eta, erregeari hitza hartuz, esan zioten:—Bai, anaia duzu Ben-Hadad.Orduan, Akabek:—Ekardazue.Etorri zitzaion, beraz, Ben-Hadad eta Akabek bere guda-gurdira igo zuen.

34. Ben-Hadadek esan zion:—Itzuli egingo dizkizut gure aitak zuenari kendu zizkion hiriak. Gainera, antola ditzakezu Damaskon zeure salmenta-tokiak, gure aitak Samarian antolatu zituen bezala.Akabek erantzun:—Baldintza hauekin, joaten utziko dizut.Horrela, bada, egin zuen harekin hitzarmena eta joaten utzi zion.

35. Profeta-talde bateko gizon batek esan zion, Jaunaren aginduz, bere lagunetariko bati:—Jo nazazu, arren!Lagunak, ordea, ez zuen jo nahi izan.

36. Orduan, lehenengoak esan zion:—Jaunaren agindua bete ez duzulako, niregandik alde egitean, lehoiak hilko zaitu.Halaxe, lagun hura, joan zenean, lehoiak harrapatu eta hil egin zuen.

37. Profeta berak, gero, beste lagun bat aurkitu eta esan zion:—Jo nazazu, arren!Lagun honek, bai, jo eta zauritu zuen.

38. Orduan, bidera atera zen profeta, erregeari itxarotera. Ezin zitzaion igarri nor zen, begiak zapi batez estaliak baitzituen.

39. Erregea igarotzean, honela egin zion oihu profetak:—Ni, zure zerbitzari hau, borrokaren erdian ari nintzela, gudutik kanpora zetorren batek preso bat eman zidan eskura, esanez: «Zaindu gizon hau! Ihes egiten badik, heure biziaz erantzun beharko duk; edota, bestela, zilarrezko hiru mila txanpon ordaindu».

40. Baina ni honetan eta hartan nenbilen bitartean, desagertu egin zitzaidan gizon hura.Israelgo erregeak erantzun zion:—Zeuk eman duzu zeure epaia.

41. Profetak erantzi zuen berehala begiak estaltzen zizkion zapia, eta Israelgo erregeak antzeman zion profetetariko bat zela.

42. Orduan, esan zion profetak erregeari:—Hau dio Jaunak: «Zuk hiltzea nahi nuen gizonari ihes egiten utzi diozu. Horregatik, zeure bizia eman beharko duzu harenaren ordez, eta zeure herria harenaren ordez».

43. Israelgo erregea Samariako bere etxera joan zen, goibel eta haserre.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 20