Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 20:15-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. Zenbatu zituen Akabek eskualdeburuen laguntzaile ziren gazte haiek: berrehun eta hogeita hamabi ziren. Ondoren, israeldar gudarosteko gainerako jendea zenbatu zuen: zazpi mila gizon ziren.

16. Eguerdian, Ben-Hadad, bere laguntzaile zituen hogeita hamabi erregeekin batera, horditu arte oihal-etxoletan edaten ari zen bitartean, irtenaldi bat egin zuten israeldarrek,

17. eskualdeburuen laguntzaile haiek aurretik zituztela. Zer ote zen ikustera bidali zituen batzuk Ben-Hadadek eta honela jakinarazi zioten:—Gizon batzuk atera dira Samariatik.

18. Ben-Hadadek esan zuen:—Bake-asmoz atera baldin badira, atzeman itzazue bizirik; borroka-asmoz atera badira ere, atzeman itzazue bizirik.

19. Atera ziren, bada, eskualdeburuen laguntzaile gazte haiek gudarostea ondoren zutela,

20. eta bakoitzak aurrean jarri zitzaiona hil zuen. Siriarrek ihes egin zuten, israeldarrak atzetik zituztela. Siriako errege Ben-Hadadek ere ihes egin zuen zaldiz, beste zaldun batzuekin batera.

21. Atera zen Israelgo erregea ere, triskatu zuen zalditeria eta guda-gurditeria eta izugarrizko hondamendia egin zien siriarrei.

22. Hurbildu zitzaion profeta Israelgo erregeari eta esan zion:—Sendo ezazu gudarostea eta begira ongi zer egin; izan ere, urte bete barru, berriro erasoko dizu Siriako erregeak.

23. Ofizialek esan zioten Siriako erregeari:—Mendietako jainkoa dute israeldarrek beren jainko. Horregatik izan dira gu baino indartsuago. Borroka ditzagun, beraz, lautadan; baietz izan orduan gu haiek baino indartsuago!

24. Hauxe egin behar zenuke: errege horiek beren tokietatik kendu eta horien ordez gudalburuak ezarri.

25. Bil ezazu galdu zenuena bezain indartsua izanen den gudarostea, baita zaldiak eta guda-gurdiak ere, lehen bezain ugari, eta lautadan borrokatuko gara. Baietz izan gu haiek baino indartsuago!Aditu zien erregeak eta halaxe egin zuen.

26. Hurrengo urtean, beraz, zenbatu zituen Ben-Hadadek siriarrak, eta Afekera igo zen Israel borrokatzera.

27. Zenbatu zituzten israeldarrak ere, eman zizkieten beren janariak, eta siriarrei aurre egitera abiatu ziren. Aurrez aurre kanpatu ziren israeldarrak eta siriarrak. Hauek zelaia bete gudari ziren; haiek, aldiz, bi ahuntz-talde ziruditen.

28. Orduan, Jainkoaren gizon batek Israelgo erregeagana hurbildu eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Siriarrek diotenez, mendietako jainkoa naiz ni, ez lautadakoa. Hara bada, zeure eskura emango dizut jendetza hori. Horrela jakinen dute ni naizela Jauna».

29. Zazpi egunez egon ziren aurrez aurre kanpatuak. Zazpigarren egunean ekin zioten borrokari, eta israeldarrek ehun mila siriar hil zituzten egun hartan.

30. Gainerakoek Afek hirira egin zuten ihes; baina harresia hogeita zazpi mila gizon haien gainera erori zen. Ben-Hadadek berak ere hiri hartara egin zuen ihes eta gelaz gela ezkutatzen ibili behar izan zuen.

31. Ofizialek esan zioten:—Aditua dugu Israelgo erregeak bihotz onekoak direla. Irten gaitezen Israelgo erregeagana soinean zakua jantzirik eta lepoan soka loturik. Baliteke zu bizirik uztea.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 20