Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 20:1-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Siriako errege Ben-Hadadek bere gudaroste osoa bildu zuen. Hogeita hamabi errege, zaldiak eta guda-gurdiak berekin zituela, Samaria hiria inguratu eta erasotzera igo zen.

2. Mezulariak igorri zizkion hiri barnera Akabi, Israelgo erregeari,

3. mezu honekin: «Hau dio Ben-Hadadek: Neuretzat nahi ditut zure zilar eta urreak, zure emakumeak eta semerik ederrenak».

4. Israelgo erregeak erantzun zion: «Nahi duzuna, ene errege jauna; zeurea nauzu ni, baita dudan guztia ere».

5. Mezulariak berriro etorri ziren, esanez: «Hau dio Ben-Hadadek: Lehen ere eman dizut aditzera: Niri eman behar dizkidazu zeure zilar eta urreak, zeure emakume eta semeak.

6. Beraz, bihar ordu berean, neure zerbitzariak bidaliko ditut, zure eta zure zerbitzarien etxeak araka ditzaten. Begiko duzun guztiari eskua erantsi eta hartu egingo dute».

7. Israelgo erregeak lurraldeko arduradun guztiei dei egin eta esan zien:—Garbi ikusten duzue gizon horrek kalte egin nahi didana. Eta hori, neure emakume eta semeak, neure zilar eta urreak ukatu ez dizkiodalarik.

8. Arduradunek eta herri osoak erantzun zioten:—Ez iezaiozu entzun, ez onartu.

9. Orduan, erantzun zien erregeak Ben-Hadaden mezulariei:—Esaiozue ene errege jaunari: «Lehenbizi eskatu zenidana egingo dut; baina orain eskatzen didazuna ezin dut egin».Mezulariek eraman zioten erantzuna Ben-Hadadi.

10. Ben-Hadadek, berriz, beste erantzun hau igorri zion: «Zigor nazatela gogor jainkoek, nirekin diren lagun hauek Samaria horretatik eskutada bana hartzeko adina hauts gelditzen bada».

11. Israelgo erregeak ihardetsi zion:—Esaiozue hau: «Ez harrotu borrokara joatean, borrokatik itzultzean baizik».

12. Ben-Hadad, beste erregeekin batera, oihal-etxoletan edaten ari zen erantzun hau hartu zuenean. Orduan, agindu zien bere ofizialei: «Eraso!» Eta Samaria hiriari erasotzeko prestatu ziren.

13. Hortan, profeta bat hurbildu zitzaion Israelgo errege Akabi, eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Ikusten al duzu jendetza handi hori? Zeure eskura emango dizut gaur. Horrela jakingo duzu ni naizela Jauna».

14. Akabek esan zuen:—Noren bidez?Profetak erantzun:—Hau dio Jaunak: «Eskualdeburuen laguntzaile diren gazteen bidez».Akabek, berriro:—Nork ekingo dio borrokari?Profetak erantzun:—Zuk.

15. Zenbatu zituen Akabek eskualdeburuen laguntzaile ziren gazte haiek: berrehun eta hogeita hamabi ziren. Ondoren, israeldar gudarosteko gainerako jendea zenbatu zuen: zazpi mila gizon ziren.

16. Eguerdian, Ben-Hadad, bere laguntzaile zituen hogeita hamabi erregeekin batera, horditu arte oihal-etxoletan edaten ari zen bitartean, irtenaldi bat egin zuten israeldarrek,

17. eskualdeburuen laguntzaile haiek aurretik zituztela. Zer ote zen ikustera bidali zituen batzuk Ben-Hadadek eta honela jakinarazi zioten:—Gizon batzuk atera dira Samariatik.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 20