Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 18:26-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Hartu zuten, bada, eman zieten zekorra, prestatu zuten eta goizetik eguerdiraino Baali deika ari izan ziren, esanez: «Baal, erantzun!» Han ez zen, ordea, inolako ahotsik, ez eta erantzungo zuenik. Dantzan ari izan ziren, egina zuten aldarearen inguruan.

27. Eguerdian iseka egiten hasi zitzaien Elias, esanez:—Egizue dei ozenkiago! Jainkoa duk, eta oso lanpetua egongo duk, edo alde egin beharra izango zian edota bidaian izango duk. Behar bada, lo egongo duk eta iratzarri beharra izanen dik.

28. Haiek, orduan, deiadar handiagoak egiten zituzten eta, ohi zutenez, ebakiak egiten zizkioten beren buruari ezpataz eta zulagailuz, gorputzean behera odola zeriela gelditzeraino.

29. Eguerdi ostean, beren profeta-trantzean jarraitu zuten arratsaldeko oparia eskaintzeko ordu arte; han ez zen, ordea, inolako ahotsik izan, ezta erantzun-arrastorik ere.

30. Orduan, esan zion Eliasek herri osoari:—Hurbil zakizkidate!Herri osoa hurbildu zitzaion. Desegina zegoen Jaunaren aldarea berreraiki zuen Eliasek.

31. Hartu zituen hamabi harri, Jakoben —Jaunak «Israel izango duzu izena» esan zion haren— ondorengoen leinu bakoitzeko bana,

32. eta harri haiez aldarea eraiki zuen Jaunarentzat. Aldarearen inguru guztian hogeita hamarren bat litro har zezakeen erretena egin ondoren,

33. antolatu zuen egurra, zatikatu zuen zekorra eta gainean ezarri.

34. Orduan, agindu zuen:—Bete urez lau ontzi eta isuri erre-oparigai eta egurraren gainera.Eta gero:—Berriz ere bai!Halaxe egin zuten berriro ere. Gero, esan zuen:—Hirugarren aldiz!Eta hirugarren aldiz egin zuten.

35. Han zihoan ura aldare inguru guztian, erretena betetzeraino.

36. Arratsaldeko oparia eskaintzeko orduan, Elias profetak aurreratu eta esan zuen: «Jauna, Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoa, adieraz ezazu gaur zu zarela Israelen Jainkoa, ni zure zerbitzaria naizela eta zure aginduz egin ditudala gauza hauek guztiak.

37. Erantzun iezadazu, Jauna, erantzun! Ikus dezala herri honek, Jauna, zu zarela Jainkoa, eta zuk itzularaziko diozula bihotza zeuregana».

38. Orduan, Jaunak sua bidali zuen eta dena kiskali: erre-oparigaia, egurra, baita harriak eta errautsa ere, eta erreteneko ura idortu egin zuen.

39. Hau ikustean, herri osoa lurreraino ahuspeztu zen, esanez: «Jauna da Jainkoa! Jauna da Jainkoa!»

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 18