Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 16:19-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Eginak zituen bekatuengatik gertatu zitzaion hori, Jaunari atsegin ez zaiona egin baitzuen, Jeroboamen jokabide bera hartuz, hark egina zuen eta Israeli eginarazia zion bekatu bera eginez.

20. Zimriren gainerako jarduerak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak; han aipatzen da beronen altxamendua ere.

21. Israel herria bitan banandu zen: erdiak Ginat-en seme Tibni izendatu zuen errege; beste erdiak, berriz, Omriri jarraitu zion.

22. Omriren aldeko jendea, ordea, Ginaten seme Tibniren aldekoari nagusitu zitzaion. Tibni hil egin zen eta Omri errege bihurtu.

23. Judako Asaren erregealdiko hogeita hamaikagarren urtea zen Omri Israelgo errege izaten hasi zenean. Hamabi urtez izan zen errege eta horietatik sei Tirtzan.

24. Gero, Samaria mendixka erosi zion, ia hirurogeita hamar kilo zilar ordainduz, Xemer zeritzan bati. Mendixka gotortu eta hiri bat eraiki zuen; Samaria deitu zion, mendixkaren jabe izan zen Xemerren izena ezarriz.

25. Omrik ere Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere aurrekoek baino okerrago jokatu zuen.

26. Nebaten seme Jeroboamen jokabide bera hartu zuen, hark egin eta Israeli eginarazi zizkion bekatu berak eginez.

27. Omriren gainerako jarduerak eta egintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

28. Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Omri. Ondorengo erregea haren seme Akab izan zen.

29. Judako Asaren erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Omriren seme Akab Israelgo errege izaten. Hogeita bi urtez izan zen errege Samarian.

30. Omriren seme Akabek bere aurreko guztiek baino okerrago jokatu zuen Jaunaren begietan.

31. Nebaten seme Jeroboamen bekatu berak egitea aski ez eta, Sidongo errege Etbaalen alaba Jezabel-ekin ezkondu zen. Baal sasijainkoa adoratu zuen eta beraren aitzinean ahuspeztu zen.

32. Jauretxea eraiki zion Baali Samarian eta aldarea ezarri bertan.

33. Axera jainkosaren ohorezko zutoin sakratua ere ezarri zuen. Honela jokatuz, bere aurretik Israelgo errege izan ziren beste guztiek baino gehiago haserrarazi zuen Jauna, Israelen Jainkoa.

34. Aldi hartan berean, Betelgo Hielek Jeriko berreraiki zuen; oinarriak bota zituenean bere seme zaharrena, Abiram, galdu zuen, eta ateak ezarri zituenean, bere seme gazteena, Segub. Honela bete zuen Jaunak Nun-en seme Josueren bitartez esana.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 16