Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 16:14-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Elaren gainerako jarduerak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

15. Judako Asaren erregealdiko hogeita zazpigarren urtean egin zen errege Zimri; zazpi egunez izan zen errege Tirtzan. Gudarostea, aldi hartan, filistearren hiri Gibeton setiatzen ari zen.

16. Borrokan ari zelarik, gudarosteak jakin zuen Zimrik erregearen kontra oldartu eta hil egin zuela. Egun hartan bertan, kanpalekuan, Israel osoak Omri gudalburua izendatu zuen Israelgo errege.

17. Gibetondik alde egin eta Tirtza setiatu zuen Omrik, gudaroste osoarekin.

18. Hiria hartua zutela ohartzean, jauregiko dorrera sartu eta su eman zion Zimrik eta bertan hil zen.

19. Eginak zituen bekatuengatik gertatu zitzaion hori, Jaunari atsegin ez zaiona egin baitzuen, Jeroboamen jokabide bera hartuz, hark egina zuen eta Israeli eginarazia zion bekatu bera eginez.

20. Zimriren gainerako jarduerak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak; han aipatzen da beronen altxamendua ere.

21. Israel herria bitan banandu zen: erdiak Ginat-en seme Tibni izendatu zuen errege; beste erdiak, berriz, Omriri jarraitu zion.

22. Omriren aldeko jendea, ordea, Ginaten seme Tibniren aldekoari nagusitu zitzaion. Tibni hil egin zen eta Omri errege bihurtu.

23. Judako Asaren erregealdiko hogeita hamaikagarren urtea zen Omri Israelgo errege izaten hasi zenean. Hamabi urtez izan zen errege eta horietatik sei Tirtzan.

24. Gero, Samaria mendixka erosi zion, ia hirurogeita hamar kilo zilar ordainduz, Xemer zeritzan bati. Mendixka gotortu eta hiri bat eraiki zuen; Samaria deitu zion, mendixkaren jabe izan zen Xemerren izena ezarriz.

25. Omrik ere Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere aurrekoek baino okerrago jokatu zuen.

26. Nebaten seme Jeroboamen jokabide bera hartu zuen, hark egin eta Israeli eginarazi zizkion bekatu berak eginez.

27. Omriren gainerako jarduerak eta egintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

28. Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Omri. Ondorengo erregea haren seme Akab izan zen.

29. Judako Asaren erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Omriren seme Akab Israelgo errege izaten. Hogeita bi urtez izan zen errege Samarian.

30. Omriren seme Akabek bere aurreko guztiek baino okerrago jokatu zuen Jaunaren begietan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 16