Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 15:16-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Asaren eta Israelgo Baxaren artean etengabeko borroka izan zen.

17. Israelgo errege Baxak, Juda borrokatzera etorri zelarik, Rama gotortu zuen, Judako errege Asaren joan-etorriak eragozteko.

18. Orduan, Asak, Jaunaren etxe eta bere jauregiko altxortegietan gelditzen zen zilar eta urre guztia hartu eta, bere zerbitzarien bidez, Siriako erregeari bidali zion. Ben-Hadad zen hura, Tabrimon-en semea eta Hezion-en biloba; Damaskon bizi zen. Honako mezu hau eman behar zioten:

19. «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut esku-erakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».

20. Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Bet-Maaka, Kinereteko eskualde osoa eta, gainera, Neftaliren eskualde osoa hondatu zituzten.

21. Hau jakin zuenean, Baxa Tirtzan gelditu zen, Rama gotortzeari utzirik.

22. Orduan, Asak Judako biztanle guztiei, batere utzi gabe, dei egin eta Baxak Rama gotortzeko erabili zituen harri eta oholak eraman zituzten, Benjamingo Geba eta Mitzpa gotortzeko.

23. Asaren gainerako jarduerak, egintza adoretsuak, egin zuen guztia eta nola gotortu zituen hiriak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Zahartzaroan hanketako gaitzez egon zen gaixorik.

24. Hil zenean, bere arbaso Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Josafat izan zen.

25. Judako Asaren erregealdiaren bigarren urtean hasi zen Jeroboamen seme Nadab Israelgo errege izaten. Bi urtez izan zen Israelgo errege.

26. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aitarenaren antzeko jokabidea hartuz, eta Israeli hark bezalako bekatuak eginaraziz.

27. Ahiasen seme eta Isakarren leinukoa zen Baxak jaiki eta hil egin zuen Nadab erregea, israeldar guztiekin Gibeton, filistearren hiria, setiatzen ari zenean. Hantxe bertan hil zuen Baxak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 15