Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 15:13-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Bere ama Maakari berari ere ama-erreginari zegokion duintasuna kendu zion, Axera jainkosaren omenez irudi higuingarria egina zuelako. Asak irudi higuingarri hura hautsi eta Zedron errekan erre zuen.

14. Baina kultu-leku haiek ez ziren zeharo desagertu; hala ere, Asak zintzo jokatu zuen Jaunaren aitzinean bere bizitza osoan.

15. Jaunaren etxera eraman zituen bere aitak eta berak eginiko eskaintzak: zilarra, urrea eta ontziak.

16. Asaren eta Israelgo Baxaren artean etengabeko borroka izan zen.

17. Israelgo errege Baxak, Juda borrokatzera etorri zelarik, Rama gotortu zuen, Judako errege Asaren joan-etorriak eragozteko.

18. Orduan, Asak, Jaunaren etxe eta bere jauregiko altxortegietan gelditzen zen zilar eta urre guztia hartu eta, bere zerbitzarien bidez, Siriako erregeari bidali zion. Ben-Hadad zen hura, Tabrimon-en semea eta Hezion-en biloba; Damaskon bizi zen. Honako mezu hau eman behar zioten:

19. «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut esku-erakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».

20. Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Bet-Maaka, Kinereteko eskualde osoa eta, gainera, Neftaliren eskualde osoa hondatu zituzten.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 15