Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 12:8-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi ziren eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9. —Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar nioke, gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan jende horri?

10. Erregearekin batera hazi ziren gazte haiek erantzun zioten:—Hona zer erantzun behar zeniokeen, zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun jende horri: «Nire atzamar txikia lodiago da gure aitaren gerria baino.

11. Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12. Hiru egunen buruan etorri zen Jeroboam, herri osoarekin, Roboamengana, beronek esana baitzien itzultzeko.

13. Erregeak oso zakar erantzun zion herriari, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe,

14. eta gazteek emana ziotenari jarraiki. Hau esan zion jendeari: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15. Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari, halaxe erabakia baitzuen Jaunak, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

16. Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:«Ez dugu deus ere nahi Davidekin!Ez dugu parterik nahiJeseren semearekin!Zeuen etxoletara, israeldarrok!Zaindu zeuk zeure etxea, David!»Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren.

17. Halere, Roboamek jarraitu zuen Judako hirietan bizi ziren israeldarren errege izaten.

18. Lanera behartuen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek; baina israeldar guztiek harrika eman zioten eta hil egin zuten. Orduan, igo zen bizkor Roboam erregea bere guda-gurdira eta Jerusalemera joan zen ihesi.

19. Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.

20. Israeldarrek, Jeroboam itzulia zela jakin zutenean, biltzarrera deitu eta Israel osoaren errege izendatu zuten. Daviden errege-etxeari Juda leinuak beste inork ez zion jarraitu.

21. Roboamek, Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen: aukerako ehun eta laurogei mila gizon ziren gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuen Salomonen seme Roboamek, erreinua berreskuratzeko.

22. Baina Jainkoak honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi:

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 12