Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 12:14-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. eta gazteek emana ziotenari jarraiki. Hau esan zion jendeari: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15. Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari, halaxe erabakia baitzuen Jaunak, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

16. Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:«Ez dugu deus ere nahi Davidekin!Ez dugu parterik nahiJeseren semearekin!Zeuen etxoletara, israeldarrok!Zaindu zeuk zeure etxea, David!»Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren.

17. Halere, Roboamek jarraitu zuen Judako hirietan bizi ziren israeldarren errege izaten.

18. Lanera behartuen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek; baina israeldar guztiek harrika eman zioten eta hil egin zuten. Orduan, igo zen bizkor Roboam erregea bere guda-gurdira eta Jerusalemera joan zen ihesi.

19. Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.

20. Israeldarrek, Jeroboam itzulia zela jakin zutenean, biltzarrera deitu eta Israel osoaren errege izendatu zuten. Daviden errege-etxeari Juda leinuak beste inork ez zion jarraitu.

21. Roboamek, Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen: aukerako ehun eta laurogei mila gizon ziren gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuen Salomonen seme Roboamek, erreinua berreskuratzeko.

22. Baina Jainkoak honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi:

23. «Esaiozu Salomonen seme eta Judako errege Roboami, baita Juda eta Benjaminen leinuetakoei eta gainerako jendeari ere:

24. “Hau dio Jaunak: Ez joan zeuen senide dituzuen israeldarren kontra borrokatzera. Itzul bedi nor bere etxera, nire erabakiz gertatu baita gertatu dena”».Aditu zuten Jaunaren hitza eta itzuli egin ziren, Jaunak esan bezala.

25. Jeroboamek gotortu egin zuen Sikem hiria Efraimgo mendialdean eta bertan gelditu zen. Gero, handik irten eta Penuel gotortu zuen.

26. Jeroboamek honela zioen bere baitan: «Oraindik ere Daviden ondorengoak nagusi daitezke erreinu osoaz.

27. Nire erreinuko jende hau opariak eskaintzeko Jerusalemera, Jaunaren etxera, igotzen bada, Judako errege Roboamengana, lehengo bere jaunarengana, itzuli egingo da jende honen bihotza. Orduan, hil egingo naute eta Judako errege Roboamengana itzuliko dira».

28. Hala, Jeroboam erregeak, aholku eskatu ondoren, bi zekor-irudi egin zituen eta esan zion jendeari: «Aurrerantzean ez duzue Jerusalemera igo beharrik. Israel herri, hona hemen Egiptotik atera zintuen Jainkoa!»

29. Zekor bat Betelen kokatu zuen eta bestea Danen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 12