Itun Zaharra

Itun Berria

Santiago 5:6-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Errugabea kondenatu eta hil duzue, eta inork ezin izan dizue aurre egin.

7. Beraz, senideok, izan pazientzia Jauna etorri arte. Begira nekazariari: lurraren fruitu ederraren zain egoten da eta pazientziaz itxaroten ditu sasoian sasoiko euriak.

8. Izan pazientzia zuek ere eta bete zaitezte adorez, laster etorriko baita Jauna.

9. Senideok, ez ibili bata bestearen aurka marmarka, kondenatuak izan ez zaitezten, ate-atean baita gure epailea.

10. Senideok, har itzazue Jaunaren izenean hitz egin zuten profetak sufrimendu- eta pazientzi eredutzat.

11. Zoriontsu aitortzen ditugu horrelako eroapena izan zutenak. Ezaguna duzue Joben eroapena, eta badakizue nolako azkena eman zion Jaunak; Jauna, izan ere, bihozbera eta errukiorra baita.

12. Baina batez ere, senideok, ez egin zinik, ez zeruarengatik, ez lurrarengatik, ezta beste edozergatik ere. Zuek esan «bai», bai denean, eta «ez», ez denean, Jainkoak kondena ez zaitzaten.

13. Zuetako norbait sufritzen dagoela? Egin dezala otoitz. Pozik dagoela? Kanta ditzala gorazarreak.

14. Zuetako norbait gaixo dagoela? Dei egin diezaiela eliz arduradunei, gaixoaren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean olioz igurtz dezaten.

15. Fedez egindako otoitzak osasuna emango dio gaixoari eta jaikiaraziko du Jaunak, eta barkatu egingo dio, bekaturik egin badu.

16. Aitortu batak besteari zeuen bekatuak eta egin otoitz elkarren alde, senda zaitezten. Indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak.

17. Gu bezalako gizakia zen Elias ere, baina sutsu egin zuen otoitz euririk egin ez zezan, eta hiru urtez eta sei hilabetez ez zuen lurraren gainera euririk egin.

18. Gero, otoitz egin zuen berriro, eta zeruak euria eman zuen, eta lurrak bere fruitua ekarri.

19. Ene senideok, zuetakoren bat egiatik aldentzen bada eta beste batek itzularazten badu,

20. jakizue, bekatari bat okerreko bidetik zuzentzen duenak bere burua heriotzatik salbatzen duela, eta bekatu askoren barkamena lortzen.

Irakurri kapitulu osoa Santiago 5