Itun Zaharra

Itun Berria

Santiago 3:6-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Mihia ere sua da, gaiztakeriazko mundua: gure beste gorputz-atalen artean jarrita, gorputz osoa kutsatzen du eta, infernuko suaz pizturik, sutan jartzen du bizitzaren gurpila.

7. Edozein basabere, hegazti, narrasti eta arrain hezi dezake gizakiak, eta hezi ere egin du.

8. Baina ezin du inork mihia hezi, gaiztoa eta menderagaitza baita, pozoi hilgarriz betea.

9. Berorren bidez bedeinkatzen dugu geure Jaun eta Aita, eta berorrexen bidez madarikatzen gizakia, Jainkoaren irudira egina dena.

10. Aho beretik ateratzen dira bedeinkazioa eta madarikazioa. Senideok, horrek ez du horrela izan behar.

11. Iturri batek berak eman ote ditzake, gero, ur geza eta gazia?

12. Senideok, pikondoak ematen ote du olibarik, edota mahatsondoak pikurik? Iturri gaziak ez dezake ur gezarik eman.

13. Zuen artean jakintsua eta bizitzan asko ikasia denik badela? Erakuts dezala bere jokabide jatorraz, jakinduriari darion gozotasunean biziz.

14. Baina, bekaizkeriaz eta norgehiagokeriaz beterik baldin bazaudete, ez harrotu eta ez ibili egiaren aurka gezurretan.

15. Hori ez da goitiko jakinduria, lurrekoa baizik, giza maila hutsekoa eta deabruarena.

16. Bekaizkeria eta norgehiagokeria diren lekuan nahasmendua eta gaiztakeri modu guztiak dira.

17. Goitik datorren jakinduria, berriz, garbia da lehenik; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emailea, errukitsua eta fruitu onak dakartzana, alderdikeria eta itxurazalekeriarik gabea.

18. Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.

Irakurri kapitulu osoa Santiago 3