Itun Zaharra

Itun Berria

Santiago 2:13-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Zeren errukirik izan ez duenak, errukirik gabeko epaia izango baitu; errukitsu izan dena, ordea, garaile aterako da auzian.

14. Senideok, zertarako du batek «Nik badut fedea» esatea, egintzetan ez badu azaltzen? Horrelako fedeak salba ote dezake?

15. Anaia nahiz arrebaren batek zer jantzirik edo eguneroko janik ez badu,

16. eta zuetakoren batek esaten badio: «Hoa bakean, bero hadi eta ase», baina behar duen laguntza eman ez, zertarako balio du horrek?

17. Berdin fedea ere: bera bakarrik, egintzetan ez bada azaltzen, hila dago.

18. Norbaitek esan dezake zuk fedea daukazula, eta nik egintzak. Bada, nik esaten dizut: Erakuts iezadazu egintzarik gabeko zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko dizut neure fedea.

19. Jainkoa bakarra dela sinesten duzula zuk? Oso ondo; baina deabruek ere sinesten dute hori, eta ikaraz daude.

20. Burugabe hori, konturatuko al zara behingoz egintzarik gabeko fedea alferrikakoa dena?

21. Ez al zuen Jainkoak gure guraso Abraham zuzentzat hartu egin zuenarengatik, hau da, bere seme Isaak aldare gainean eskaintzeagatik?

22. Ikusten duzu, beraz, Abrahamen fedeak egintzak zituela lagun, eta haren fedea egintzen bidez iritsi zela bere betera.

23. Horrela bete zen Liburu Santuak dioena: Abrahameksinetsi egin zion Jainkoari eta, horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen, eta «Jainkoaren adiskide» deitu zitzaion.

24. Ohartu, beraz, Jainkoak egintzen bidez zuzenesten duela gizakia eta ez fede hutsez.

25. Horrelaxe gertatu zen Rahab emagalduarekin ere. Ez ote zuen Jainkoak zuzenetsi egin zuenagatik, hebrear ikertzaileak etxean hartu eta, gero, beste bide batetik joanarazi zituelako, alegia?

26. Beraz, arnasarik ez duen gorputza hila dagoen bezala, halaxe fedea ere: egintzarik ez badu, hila dago.

Irakurri kapitulu osoa Santiago 2