Itun Zaharra

Itun Berria

Santiago 2:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ene senideok, ezin elkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan duzuen fedea eta pertsonen artean bereizkeria egitea.

2. Eman dezagun, esate baterako, zuen batzarrean bi gizon sartzen direla, bata aberatsa, urrezko eraztunez eta dotore jantzia, eta bestea pobrea, zarpail jantzia;

3. eta dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten diozuela: «Zatoz, jar zaitez hemen, ohorezko tokian»; pobreari, berriz: «Hago hi hor zutik», edo: «Jar hadi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan»;

4. horrela jokatuz, ez al zarete zeuen artean bereizkeriak egiten ari, eta ez al duzue irizpide okerrez epaitzen?

5. Adizue, nire senide maiteok: Ez ote ditu hautatu Jainkoak munduaren begitan pobre direnak, sinesmenez aberats izateko eta bera maite dutenei agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko?

6. Zuek, berriz, lotsaz betetzen duzue pobrea. Ez ote dira aberatsak zuek zapaltzen eta auzitegira eramaten zaituztetenak?

7. Ez ote dira horiek zuek daramazuen izen ederra iraintzen dutenak?

8. Liburu Santuaren arabera, hauxe da lege nagusia: Maitatulagun hurkoa zeure burua bezala; eta hori benetan betetzen baduzue, ondo baino hobeto.

9. Baina pertsonen artean bereizkeriarik egiten baduzue, bekatu egiten duzue, eta legeak berak salatzen zaituzte eta errudun egiten.

10. Legeko agindu bat bakarra hausten duena, agindu guztiekiko errudun egiten da.

11. Izan ere, ez egin adulteriorik esan duenak berak ez hil inor ere esan du. Beraz, adulteriorik egin ez arren, hilketarik egiten baduzu, legea hausten duzu.

12. Hitz egin eta joka ezazue, askatasuna ematen duen legeak epaitu behar dituenak bezala.

13. Zeren errukirik izan ez duenak, errukirik gabeko epaia izango baitu; errukitsu izan dena, ordea, garaile aterako da auzian.

14. Senideok, zertarako du batek «Nik badut fedea» esatea, egintzetan ez badu azaltzen? Horrelako fedeak salba ote dezake?

15. Anaia nahiz arrebaren batek zer jantzirik edo eguneroko janik ez badu,

16. eta zuetakoren batek esaten badio: «Hoa bakean, bero hadi eta ase», baina behar duen laguntza eman ez, zertarako balio du horrek?

Irakurri kapitulu osoa Santiago 2