Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 8:5-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Jesus Kafarnaum herrian sartu zenean, erromatar ehuntari bat hurbildu zitzaion

6. erreguka:—Jauna, elbarri eta oinaze gorritan dut morroia etxean.

7. Jesusek esan zion:—Neu joango naiz sendatzera.

8. Ehuntariak erantzun zion:—Jauna, ni ez naiz inor zu nire etxean sartzeko; aski duzu hitz bat esatea, nire morroia sendatzeko.

9. Neuk ere, menpekoa izanagatik, soldaduak ditut menpean, eta batari joateko agintzen badiot, joan egiten da, besteari etortzeko agindu eta etorri, morroiari zerbait egiteko esan eta hala egiten du.

10. Hau entzutean, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Benetan diotsuet: Israel guztian ez dut aurkitu horrelako sinestedunik.

11. Egia esan, asko etorriko dira sortalde eta sartaldetik, Abraham, Isaak eta Jakobekin Jainkoaren erreinuko mahaikide izateko;

12. erreinuaren oinordeko zirenak, berriz, kanpora, ilunpetara, botako ditu Jainkoak. Negarra eta hortz-karraska izango dira han».

13. Ondoren, ehuntariari esan zion:—Zoaz etxera, eta gerta bekizu sinetsi duzun bezala.Eta ordu hartan bertan sendatua gertatu zen morroia.

14. Ondoren, Pedroren etxera joan zen Jesus, eta haren amaginarreba oheratua aurkitu zuen sukarrez.

15. Jesusek eskua hartu zion eta sukarrak alde egin; orduan, emakumea jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaion.

16. Arratsean, deabrudun asko eraman zizkioten Jesusi. Honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak sendatu zituen.

17. Horrela bete zen Jainkoak Isaias profetaren bidez esana: Hark gure ahuleriak hartu zituen bere gain, gure gaitzen zama jasan.

18. Bere inguruan jendetza handia ikusirik, beste aldeko aintzira-ertzera igarotzeko agindu zuen Jesusek.

19. Orduan, lege-maisu bat hurreratu zitzaion, esanez:—Maisu, noranahi jarraituko dizut.

20. Jesusek esan zion:—Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.

21. Beste batek, ikasleetakoa zenak, esan zion:—Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.

22. Baina Jesusek erantzun:—Jarraitu niri, eta utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten.

23. Jesus txalupara igo zen eta ikasleek jarraitu egin zioten.

24. Bat-batean, ekaitz gogorra sortu zen aintziran, eta uhinek txalupa ia azpian hartua zuten. Jesus, berriz, lo zegoen.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 8