Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 8:21-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Beste batek, ikasleetakoa zenak, esan zion:—Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.

22. Baina Jesusek erantzun:—Jarraitu niri, eta utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten.

23. Jesus txalupara igo zen eta ikasleek jarraitu egin zioten.

24. Bat-batean, ekaitz gogorra sortu zen aintziran, eta uhinek txalupa ia azpian hartua zuten. Jesus, berriz, lo zegoen.

25. Ikasleek hurbildu eta esnatu egin zuten, esanez:—Salba gaitzazu, Jauna! Galtzera goaz!

26. Hark esan zien:—Zergatik zarete hain beldur, sinesmen gutxikook?Eta, zutiturik, haserre egin zien haizeari eta aintzirari, eta dena bare-bare gelditu zen.

27. Ikasleek, harriturik, honela zioten: «Nor ote dugu gizon hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?»

28. Jesus aintziraz beste aldera, gadaratarren lurraldera iritsi zenean, bi deabrudun atera zitzaizkion hilobi artetik bidera. Hain baitziren gaiztoak, ez zen inor ausartzen bide hartatik ibiltzen.

29. Eta deiadarka hasi zitzaizkion:—Zer duzu gurekin, Jainkoaren Seme horrek? Garaia baino lehen guri oinaze ematera etorri al zara hona?

30. Handik urrutira gabe, txerri-talde handi bat zebilen uxarrean.

31. Deabruek eskatu zioten Jesusi:—Botatzekotan, bidal gaitzazu txerri-taldera.

32. Jesusek esan zien:—Zoazte.Haiek irten eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-talde osoa ezpondan behera aintzirara amildu zen, eta denak uretan galdu.

33. Txerrizainek ihes egin zuten eta, herrira joanik, dena kontatu zuten, baita deabrudunena ere.

34. Orduan, herri guztia atera zen Jesusengana eta, ikusi zutenean, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 8