Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 8:11-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Egia esan, asko etorriko dira sortalde eta sartaldetik, Abraham, Isaak eta Jakobekin Jainkoaren erreinuko mahaikide izateko;

12. erreinuaren oinordeko zirenak, berriz, kanpora, ilunpetara, botako ditu Jainkoak. Negarra eta hortz-karraska izango dira han».

13. Ondoren, ehuntariari esan zion:—Zoaz etxera, eta gerta bekizu sinetsi duzun bezala.Eta ordu hartan bertan sendatua gertatu zen morroia.

14. Ondoren, Pedroren etxera joan zen Jesus, eta haren amaginarreba oheratua aurkitu zuen sukarrez.

15. Jesusek eskua hartu zion eta sukarrak alde egin; orduan, emakumea jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaion.

16. Arratsean, deabrudun asko eraman zizkioten Jesusi. Honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak sendatu zituen.

17. Horrela bete zen Jainkoak Isaias profetaren bidez esana: Hark gure ahuleriak hartu zituen bere gain, gure gaitzen zama jasan.

18. Bere inguruan jendetza handia ikusirik, beste aldeko aintzira-ertzera igarotzeko agindu zuen Jesusek.

19. Orduan, lege-maisu bat hurreratu zitzaion, esanez:—Maisu, noranahi jarraituko dizut.

20. Jesusek esan zion:—Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.

21. Beste batek, ikasleetakoa zenak, esan zion:—Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.

22. Baina Jesusek erantzun:—Jarraitu niri, eta utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten.

23. Jesus txalupara igo zen eta ikasleek jarraitu egin zioten.

24. Bat-batean, ekaitz gogorra sortu zen aintziran, eta uhinek txalupa ia azpian hartua zuten. Jesus, berriz, lo zegoen.

25. Ikasleek hurbildu eta esnatu egin zuten, esanez:—Salba gaitzazu, Jauna! Galtzera goaz!

26. Hark esan zien:—Zergatik zarete hain beldur, sinesmen gutxikook?Eta, zutiturik, haserre egin zien haizeari eta aintzirari, eta dena bare-bare gelditu zen.

27. Ikasleek, harriturik, honela zioten: «Nor ote dugu gizon hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?»

28. Jesus aintziraz beste aldera, gadaratarren lurraldera iritsi zenean, bi deabrudun atera zitzaizkion hilobi artetik bidera. Hain baitziren gaiztoak, ez zen inor ausartzen bide hartatik ibiltzen.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 8