Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 5:31-46 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. «Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.

32. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak —legearen kontra elkartuak ez badira behintzat— adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

33. «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.

34. Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita;

35. ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita.

36. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur.

37. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

38. «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain.

39. Nik, berriz, hau diotsuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere;

40. soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere;

41. norbaitek kilometro bat egitera behartzen bazaitu egin bi berarekin.

42. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.

43. «Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia.

44. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde;

45. horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria.

46. Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten?

Irakurri kapitulu osoa Mateo 5