Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 5:25-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

25. «Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.

26. Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.

27. «Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.

28. Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.

29. «Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino.

30. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.

31. «Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.

32. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak —legearen kontra elkartuak ez badira behintzat— adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

33. «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.

34. Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita;

35. ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita.

36. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur.

37. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 5