Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 5:22-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.

23. «Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu,

24. utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.

25. «Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.

26. Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.

27. «Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.

28. Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.

29. «Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino.

30. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.

31. «Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.

32. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak —legearen kontra elkartuak ez badira behintzat— adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 5