Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 5:2-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:

3. «Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.

4. «Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.

5. «Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.

6. «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.

7. «Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.

8. «Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.

9. «Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.

10. «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.

11. «Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean.

12. Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan; zuen aurreko profetak ere halaxe erabili zituzten.

13. «Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.

14. «Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria.

15. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko.

16. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

17. «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.

18. Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.

19. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.

20. Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.

21. «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.

22. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 5