Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 5:18-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.

19. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.

20. Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.

21. «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.

22. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.

23. «Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu,

24. utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.

25. «Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.

26. Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.

27. «Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.

28. Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.

29. «Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino.

30. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.

31. «Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.

32. Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak —legearen kontra elkartuak ez badira behintzat— adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

33. «Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 5