Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 4:3-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Hurbildu zitzaion, orduan, tentatzailea eta esan zion:—Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri hauek ogi bihurtzeko.

4. Jesusek erantzun zion:—Liburu Santuetan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.

5. Ondoren, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik,

6. esan zion:—Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Eta besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.

7. Baina Jesusek erantzun:—Hau ere idatzia dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

8. Berriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eraman zuen; munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean erakutsi

9. eta esan zion:—Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu.

10. Jesusek, orduan:—Alde hemendik, Satanas! Idatzia baitago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.

11. Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak etorri zitzaizkion zerbitzatzera.

12. Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakitean, Galileara joan zen Jesus.

13. Baina Nazaret utzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 4