Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 4:11-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak etorri zitzaizkion zerbitzatzera.

12. Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakitean, Galileara joan zen Jesus.

13. Baina Nazaret utzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian.

14. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

15. Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea, itsas ondoko bidea, Jordanez haranzko lurraldea, jentilen Galilea!

16. Ilunpetan zegoen herriak argi handia ikusi du. Itzalpean bizi zirenei argiak egin die distira.

17. Une hartatik hasi zen Jesus honela hots egiten: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».

18. Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zebilela, bi anaia, Simon, Pedro deitua, eta Andres, ikusi zituen, sarea uretara botatzen, arrantzaleak baitziren.

19. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».

20. Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

21. Aurrerago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin zien.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 4