Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 26:58-72 Elizen Arteko Biblia (EAB)

58. Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregiraino joan eta, barrura sarturik, morroiekin eseri zen, hura guztia zertan amaitzen zen ikusteko.

59. Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontra gezurrezko lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko;

60. baina ez zuten aurkitu, gezurrezko lekuko asko azaldu arren. Azkenean, bi azaldu ziren,

61. esanez: «Honek esana du: Jainkoaren santutegia desegin dezaket eta hiru egunetan berreraiki».

62. Orduan, apaiz nagusiak zutitu eta galdetu zion:—Ez al diezu deus erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?

63. Baina Jesus isilik. Apaiz nagusiak esan zion:—Jainko biziarengatik eskatzen dizut: Esaguzu zinez zu al zaren Mesias, Jainkoaren Semea.

64. Jesusek erantzun:—Zeuk esan duzu. Eta gehiago diotsuet: Oraindanik Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei gainean etortzen ikusiko duzue.

65. Orduan, apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:—Biraoa esan du. Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa.

66. Zer deritzozue?Haiek erantzun:—Heriotza merezi du.

67. Orduan, aurpegira listua bota eta ukabilkadak eman zizkioten; beste batzuek masailekoak ematen zizkioten,

68. esanez: «Asma ezak, Mesias, nork jo hau?»

69. Pedro kanpoan eseria zegoen, patioan; neskame batek ondoratu eta esan zion:—Hi ere Jesus galilearrarekin bizi hintzen.

70. Baina hark guztien aurrean ukatu zuen:—Ez zekinat zertaz ari haizen.

71. Ate ondora irten zen, eta beste neskame batek ikusi eta han zeudenei esan zien:—Jesus nazaretarrarekin ibilia da hau.

72. Pedrok berriro ukatu zuen, zin eginez:—Ez dut ezagutzen gizon hori.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 26