Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 26:41-59 Elizen Arteko Biblia (EAB)

41. Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».

42. Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, edari samin hau derrigorrez edan behar badut, egin bedi zure nahia».

43. Eta berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten.

44. Haiek utzirik, berriz ere aldendu eta hirugarren aldiz otoitz egin zuen, lehengo hitzak berriro esanez.

45. Ondoren, ikasleengana joan eta esan zien: «Egin lo eta hartu atseden! Hara, gainean da ordua, Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana izateko.

46. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

47. Jesus hizketan ari zela, han azaldu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo handi bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu eta herriko zaharrek bidalirik.

48. Saltzaileak seinale hau jarria zien: «Nik musu emango diodana, horixe da, atxilot ezazue».

49. Berehala, Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Agur, Maisu!»Eta musu eman zion.

50. Jesusek esan zion: «Adiskide, egizu egitekoa!»Orduan, besteek, Jesusengana hurbildurik, heldu eta atxilotu egin zuten.

51. Jesusekin zeudenetako batek ezpata atera, morroia jo eta belarria moztu zion.

52. Jesusek esan zion: «Itzuli ezpata hori bere tokira, zeren ezpataz ari dena ezpataz hilko baita.

53. Ala uste al duzu ezin diodala Aitari dei egin? Hamabi aingeru-talde eta gehiago jarriko lizkidake berehala ondoan.

54. Baina nola beteko lirateke, orduan, Liburu Santuak, honela gertatu behar duela baitiote?»

55. Une hartan, Jesusek jendeari esan zion: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero esertzen nintzen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu.

56. Baina hau guztia profetek idatzia bete dadin gertatu da».Orduan, ikasle guztiek Jesus utzi eta ihes egin zuten.

57. Jesus atxilotu zutenek Kaifas apaiz nagusiaren etxera eraman zuten, han bilduak baitziren lege-maisu eta herriko zaharrak.

58. Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregiraino joan eta, barrura sarturik, morroiekin eseri zen, hura guztia zertan amaitzen zen ikusteko.

59. Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontra gezurrezko lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko;

Irakurri kapitulu osoa Mateo 26