Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 26:30-46 Elizen Arteko Biblia (EAB)

30. Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziren.

31. Jesusek esan zien: «Zuek guztiok niregan duzuen sinesmenak huts egingo du gaur gauean, honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira.

32. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».

33. Pedrok esan zion:—Zureganako beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak inola ere ez.

34. Jesusek erantzun:—Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.

35. Pedrok esan zion:—Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.Eta gauza bera zioten ikasle guztiek.

36. Jesus bere ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien: «Zaudete hemen, ni hara otoitz egitera noan bitartean».

37. Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen,

38. eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne nirekin batera».

39. Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala».

40. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion: «Beraz, ordubete ere ezin izan zarete nirekin erne egon?

41. Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».

42. Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez: «Ene Aita, edari samin hau derrigorrez edan behar badut, egin bedi zure nahia».

43. Eta berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten.

44. Haiek utzirik, berriz ere aldendu eta hirugarren aldiz otoitz egin zuen, lehengo hitzak berriro esanez.

45. Ondoren, ikasleengana joan eta esan zien: «Egin lo eta hartu atseden! Hara, gainean da ordua, Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana izateko.

46. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

Irakurri kapitulu osoa Mateo 26