Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 26:12-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Ukendu hau nire gorputzean isuriz, hilobiratua izateko prestatu nau aurrez.

13. Benetan diotsuet: Mundu guztian barrena, berri on hau hots egingo den edonon aipatuko da emakume hau eta beronek egina.

14. Orduan, Hamabietako batek, Judas Iskariote deituak, apaizburuengana joan

15. eta esan zien: «Zenbat agintzen didazue Jesus zuen eskuetara emateagatik?»Zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zizkioten.

16. Ordutik, Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.

17. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen egunean, ikasleak hurbildu ziren Jesusengana, galdetuz:—Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?

18. Hark esan zien:—Zoazte hirira, halakoaren etxera, eta esaiozue: «Maisuak dio hurbil dela bere ordua, eta zuenean ospatu nahi duela Pazkoa bere ikasleekin».

19. Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

20. Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin.

21. Afaltzen ari zirela, Jesusek esan zuen:—Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau.

22. Haiek, oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:—Nik ote, Jauna?

23. Hark erantzun zuen:—Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau.

24. Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!

25. Judasek, salduko zuenak, galdetu zion:—Ni ote naiz hori, Maisu?Jesusek erantzun zion:—Zeuk esan duzu.

26. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: «Hartzazue eta jan, hau nire gorputza da».

Irakurri kapitulu osoa Mateo 26