Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 24:21-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Zeren munduaren hasieratik orain arte izan ez den eta izango ez den bezalako larrialdi handia izango baita orduan.

22. Eta Jainkoak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.

23. «Orduan, norbaitek “Hona hemen Mesias” edo “Hara han” esango balizue, ez sinetsi.

24. Izan ere, gezurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirari handiak eta egintza harrigarriak egingo dituzte.

25. Horra, jakinaren gainean jarri zaituztet aldez aurretik.

26. Beraz, norbaitek “Hara, basamortuan dago” esaten badizue, zuek ez irten, edo “Hara, etxe barruan dago” esaten badizue, ez sinetsi.

27. Izan ere, tximistak une batean sortaldetik sartalderaino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semearen etorrera.

28. Sarraskia non, han biltzen dira putreak.

29. «Egun haietako larrialdiaren ondoren, berehala, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo, izarrak zeru goitik amilduko dira, eta ortzia dardarka ariko.

30. Orduan, Gizonaren Semearen seinalea azalduko da zeruan, eta lurreko leinu guztiak bular-joka ariko dira, Gizonaren Semea zeruko hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikustean.

31. Orduan, bere aingeruak bidaliko ditu turuta-hots ozenez, eta haren aukeratuak bilduko dituzte lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 24