Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 24:2-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Baina Jesusek esan zien: «Ikusten duzue hori guztia, ezta? Ba, benetan diotsuet: Ez da hemen harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute».

3. Gero, Oliamendin eserita zegoela, ikasleek bakarrean hurbildu eta galdetu zioten: «Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zein izango den zure etorreraren eta munduaren azkenaren ezaugarria».

4. Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina!

5. Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute.

6. Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dituzue. Begira, ez izutu, gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina oraindik ez da azkena.

7. Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen.

8. Baina hori guztia erdiminen hasiera da.

9. «Zori larrian jarriko zaituztete eta hil egingo; herri guztiek gorroto izango dizuete niregatik.

10. Orduan, askok fedeari uko egingo diote, eta elkar saldu eta gorrotatuko dute.

11. Anitz sasiprofeta altxatuko dira eta asko engainatuko dituzte.

12. Eta gaiztakeria ugaltzean, gehienen maitasuna hoztu egingo da;

13. baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 24