Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 23:6-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. gogoko dituzte jai-otorduetan mahaiburuak eta sinagogetan lehen aulkiak;

7. gogoko dute plazetan jendeak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea.

8. Zuek, ordea, ez utzi inori zuei “maisu” deitzen, bat bakarra baita zuen maisua, eta zuek denak senideak baitzarete.

9. Eta ez deitu lurrean inori “aita”, bat bakarra baita zuen aita, zerukoa.

10. Eta ez utzi “gidari” deitzen ere, bat bakarra baita zuen gidaria, Mesias.

11. Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari.

12. Bere burua goratzen duena, beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu.

13. «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jendeari Jainkoaren erreinuko sarrera ixten diozuenok! Zeuek ez zarete sartzen eta sartu nahi luketenei ez diezue uzten. (

14. ).

15. «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Norbait juduberri egiteagatik itsaso eta lehor zabiltzate eta, egin duzuenean, zeuek baino gaiago bihurtzen duzue infernurako!

16. «Ai zuek, gidari itsuok! Honela irakasten duzue: “Tenpluarengatik zin egiteak ez du baliorik; tenpluko urrearengatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”.

17. Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen duen tenplua?

18. Beste hau ere irakasten duzue: “Aldareagatik zin egiteak ez du baliorik; aldare gaineko opariagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”.

19. Itsuok halakook! Zer da handiago: oparia ala oparia sagaratzen duen aldarea?

Irakurri kapitulu osoa Mateo 23